2016/01/17


PARTAIDETZA PAREKIDEAREN INGURUAN HAUSNARTZEN

Parte hartzea garatu daitekeen ahalmena da. Inplikazio modu bat da, errealitatea sortu eta aldatzeko modu bat. Boterearen dimentsio baten garapena bezala uler daiteke. Erabakiak hartzen dituzte horretarako ahalmena daukatenek. Parte hartzearen baitan dago erabakiak hartzea, baina baita ere konpromisoa. Jarrera bat eskatzen du. Hainbat eskubide sustatu eta hainbat egin behar eskatzen ditu. Parte-hartzea indibiduala eta kolektiboa izan daiteke. Ez da momentuko ekintza, prozesua da, bidea da.

 

Partaidetzaren baldintzak hiru hauek dira: parte hartzen jakin, parte hartu ahal izan eta parte hartu nahi izan.

-          Parte hartzen jakiteko gauza batzuk landu behar dira: enpatia, komunikatzeko era, entzuteko gaitasuna, nola egin norberaren ekarpenak, prestakuntza parte hartzeari buruzko antolaketan eta garapenean …

-          Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da foroak sortzea. Horietan parte hartzean oinarritutako diagnostikoaren eta plangintzaren ikuspegietatik eraikitzea, erabakiak hartzea eta horiek kudeatzea aukera ematen da.

-          Parte hartu nahi izateko aintzakotzat hartzen dira motibazioa, gogoa, ilusioa, beharra, parte hartzeko zergatiak. Normalean, parte hartzen dugu konpartitutako ideia batengatik, gustura sentitzen garen pertsonekin eta zerbait lortzeko erosoak sentitzen garen lekuan.
 
 

 

Sexu-genero estereotipoek mugak jartzen dituzte baita partaidetzarako ere!!!  Irakurgaian 14 aipatzen dira; haietako asko, nire ustez, agertu dira aurreko gaietan jarduera desberdinetan (irakurgaietan bai foroetan).  Garbi dago hasierako urratsa zailtasunez ohartzea dela eta nik uste dut dagoeneko ohartu garela. Horregatik, gehien baloratzen dudana da estrategia batzuk ematea. Horien artean nabarmenduko nituzke hauexek:

-          batzarretan eta bileretan arauak finkatzea ohikoak izaten diren jarrerak ez izateko eta aktak jasotzea.

-          Taldearen pertenentzia sentimendua indartzeko nesken zein mutilen beharrak kontuan izatea.

-          Helburuak eta interesak partekatzea, hau da, proiektua da taldekideak batzen dituena.

-          Emakumeek ere errentagarritasunaren pertzepzioa izan behar dute.

Nire proposamena lehenengo puntutik abiatzen da. Emakumeak gutxiestea, estereotipo femeninoak indartzen dituzten txisteak, komentarioak, hitz egiten duen bitartean gainontzekoek bestelako gauzak egiten aritzea … errazago detektatzeko, adiago egoteko baliabideak eman behar zaizkie. Lehenengo eta behin, beraiekin landu gauza horiek, adostu zeintzuk izan daitezkeen (adibideen bitartez, esate baterako)  eta denok sinatu akta;  bigarrengoz, kaxa bat egin eta gelan utzi horietako bat suertatzen denean paper batean idatzi eta sartu kaxan (izenik aipatu gabe); eta, bukatzeko,hamabostean behin kaxa ireki eta idatzita dagoenari hezkidetza ikuspegitik proposamena eman.

 

Partaidetza hezitzailearen ondorioak:

-          Gatazkak kudeatzeko herritar guztiek jakin behar dute iritziak ematen, nork bere beharrak eta interesak defendatzen eta gizartearen eraldaketarako konpromisoa izaten.

-          Guztien ahotsak ateratzeko eta entzuteko estrategia egokiak behar dira, baita gatazkak modu etikoan tratatzeko baliabideak ere.

-          Aldaketa, gatazka eta boterea modu aktiboan maneiatu behar dira.
 
 

 

Nire ustez, hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak izan daitezke:

-          Gaur egungo ikasleak urte batzuk barru gizartearen egileak izango dira. Ez badituzte ikasten orain partaidetzaren onurak, zailago egingo zaie gero aldaketaren beharraz konturatzea. Praktikan jartzen badituzte, kontzienteak badira orain, “naturalak” egingo zaizkie.

-          Herritar aktiboak nahi baditugu, aktiboak izaten utzi behar diegu txikietatik. Bere sozializazio prozesuan familia eta ikastetxea dira nagusiak. Estrategiak eta baliabideak eman behar dizkiegu irakasleok jakiteko nola parte hartu. Eta, uneak eta guneak bermatu behar dizkiegu ere.

-          Motibatu behar diegu parte hartu nahi izan dezaten.
 
 
 
 
 
 

 

 

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina