2016/01/17

PARTAIDETZA PAREKIDEAZ HAUSNARTZEN


Aste honetako gaia, partaidetza parekidea, eta batez ere nesken/emakumeon parte hartzea ukitzen duena oso interesgarria iruditu zait.
Laburpen moduan, niretzat ideiarik aipagarriena hezkuntzan ikasleen partaidetza  bultzatzeko daukagun erantzukizuna izango zen .


Heziberri 2020. Hezkuntza-eredu pedagogikoaren markoan, honela agertzen da: “...bere xedea (hezkuntzarena) da gizakiaren konpetentziak maila guztietan garatzea  ahalik eta gehien, subjektu indibidual eta herritar aktibo gisa, bai eta konprometitua ere gizartearen garapenarekin eta ingurumenaren garapen jasangarriarekin”.
Oinarrizko Hezkuntzaren xedeen artean ere ideia bera adierazten da: “Ikaslea helduarorako prestatzea, bizikidetza harmonikoago bat lortzeko eta gizarte justuago eta ekitatiboago bat eraikitzeko konpromisoa duen gizabanako gisa bete‐betean bizitzeko gai izan dadin, gizarte anitz eta global bateko kide aktibo gisa, eta naturaren kontserbazioarekin eta garapen jasangarriarekin konprometitutako pertsona gisa”.


Hau da, ikaslea, partaidetza aktiboa gara dezan hezitu behar dugu, betiere, bizi duen genero-sozializazioa kontuan hartuz eta honek inposatzen dituen arauak, genero estereotipoak apurtuz.


Ikasleak, hezkuntza sisteman sartzen den unetik bere ikasketak bukatu arte, eta beranduago bere bizitza osoaren zehar, elkarbizitzagune hurbilenetan eta bere inguruneko bizitzaren arlo guztietan   parte hartzeko eskubidea du, lege ezberdinek bermatua.


Parte hartzen, erabakiak eta konpromisoak hartzen, bai maila indibidualean, bai kolektiboan, ikasten diren ahalmenak dira; azken honek pertsona moduan hazten ere laguntzen du.


Parte hartzea lantzeko beharrezkoa da:
  • parte hartzen jakitea gaitasun batzuk garatuz: asertibitatea, sentzibilizazioa, entzuteko gaitasuna...Gaiari buruzko prestakuntza eta parte hartzeko antolaketari eta garapenari buruzkoa jaso;
  • parte hartu ahal izatea, uneak eta guneak sortuz;
  • parte hartu nahi izatea,  parte hartuko dugun gaiarekin, lekuarekin eta pertsonekin motibatuta sentitzea.

Partaidetzan nabariak dira jendarte patriarkalak inposatzen dituen genero estereotipoak, emakumeen diskriminazioa… Partaidetza parekatua izan dadin, estereotipo horiekin, sistemak ezartzen dituen rolekin apurtzea beharrezkoa da, emakumeen presentziaz eta ekarpenaz jabetzea, eremu publikoetan emakumeak  bistaratzea, emakume-ereduak zabaltzea, pribatu eta publikoaren ezberdintasunari aurre egitea emakumeen presentzia esparru publikoetan, zuzendaritzetan, goi mailako karguetan... eta gizonena pribatuan areagotuz, nesken interesak eta ikuspegiak kontuan hartzea, hizkuntzaren erabilera sexista baztertzea, emakumeen irudia errespetuz tratatzea…


Ikastetxeetan, partaidetza bultzatzeko estrategia, jarduera hezkidetzaileak erabiltzea premiazkoa da:
.- Ikasleen iritziak, beharrak entzutea eta kontuan hartzea. Neskeen partaidetza bultzatzeko, haien interesetatik abiatzea.
.- Denboraren eta espazioaren erabilera parekidea sustatu, jolastokietako antolaketa aztertuz eta erdiguneak neskek erabiltzeko aukera emanez, adibidez.
.- Irakasleok mutilei  eta neskei ematen diegun arreta-denbora ezberdintasunaz ohartu eta ekiditeko neurriak jartzea.
.- Ikasle guztien partaidetza bultza egiteko jarduerak prestatzea,  beharrezkoa izan daitekeen irakasleen prestakuntza bermatuz. Adibide moduan, URTXINTXA ESKOLAk haurren parte hartzea Mañarian burututako jarduera.


Panel_iup_memoria.jpg.- Ikasleak, gurasoak, ez irakasle langileria, hezkuntza-komunitatearen partaidea sentiaraztea. Honetarako, ikasturteko oroitidazkiak egiterakoan, komenigarria da haien iritziak jasotzea, ikastetxean egiten diren jarduerak, ikasturteko helburuen lorpena, egokitasuna baloratzea, ondo egiten dena eta hobetzekoa aipa ditzaten, proposamenak egiteko aukera ematea… Datu hauek aztertzea eta emaitzetatik abiatuz, hurrengo ikasturteko egitasmoa idatzi eta Eskola Kontseiluan onartu. Helburu honekin, komunitate osoaren partaidetza bultzatzeko, Hezkuntza Departamentuak  ikasturteko egitasmoa eta oroitidazkia egiteko gida argitaratua du.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina