Hezkuntza pedagogikoaren markoan, hezkidetzaren presentzia zeharkakoa da. Eskola inklusio-gune gisa definitzen du, non ikasle guztien parte hartzea sustatzeko egoerak eta espazioak egokituak beharko dituen.zaurgarrienetan bereziki erreparatzea gogoratuz. Horien artean sexua beste batzuen artean aipatzen du, baztertua izateko arriskuan dagoela adieraziz.Euskal Autonomi Erkidegoko Curriculum Dekretuetan, ikuspegi hezkidetzaileaz aipamen batzuk agertzen dira; baina eskola bakoitzaren Curriculumean zehaztu eta azpimarratzea dugu erronka nagusien, sistema patriarkalean erroturik ditugunak sahiesteko bidean. Haur Hezkuntzako Curriculumean honako hau azpimarratzen du:
Ikasleen aniztasunaren trataera eta tutoretzak eta hezkuntza-orientazioak hezkuntza-sisteman betetzen duten eginkizuna arautzen ditu V. kapituluak. Gizarteak eta hezkuntza-sistemak, Haur Hezkuntzatik, aniztasunari nola erantzun behar dieten adierazten du inklusioaren kontzeptuak. Heziketaren ardura, orain arte ikaslea zuzenean artatzen duen profesionalaren esku soilik egon dena, komunitate osoarena izatera pasatu da. Eskola inklusiboan haur guztiek jasotzen dute hezkuntza, nolanahikoa ez baizik eta kalitatezkoa, guztiei aukera berdinak ematen dizkiena modu justu eta zuzenean. Alor pertsonalean, akademikoan eta sozialean aurrera egiteko hezkuntza-aukerak eta laguntza –curriculum-alorrekoa, pertsonala edo materiala– eman behar dizkiete ikastetxe inklusiboek haien ikasle guztiei. Pertsonei egokitutako testuinguru bat sortu behar da, desberdintasunei erantzuten diena eta talderik edo pertsonarik ahulenei babes eta laguntza zehatzak emango dizkiena. Hezkuntza inklusiboak aniztasunaren adierazpen guztiak hartzen ditu aintzat: hizkuntza, kultura, gaitasunak, sexu-orientazioa, generoa eta baliabide sozioekonomikoak.
20. art. c) Hezkidetza, aniztasun afektibo-sexuala, eta hezkuntza-babes bereziak behar dituzten kolektiboentzako
arreta egokia sustatzeko hezkuntza inklusiboa garatzea.
Dekretuko Curriculuma aztertzeko Emakundek Hezkidetza-eredua egiteko gida sortu zuen 1997.an, Hainbat iturbur kontuan hartu behar zirela azpimarratuz: soziologikoa, psikologikoa, pedagogikoa eta epistemologikoa.
Baina teoria erraza egin ohi zaigu, eta praktikan agertzen zaizkigu oztopoak. Abiapuntuak aztertu behar ditugu, diagnostikoak sortuz. Edukiak, metodologia eta materiala ikuspuntu hezkidetzailetik behatu eta aztertzea proposatzen zaigu; hezkidetzaileak ez direnak deuseztu, eta hezkidetzaileak direnengatik ordezkatu. Berriak sortzearen garrantzia agertzen digu, azkenik. Baita horiek partekatzea eta saretzearen ezinbestea.
BALORAZIOA
Eskolako Curriculuma zehaztean eta Dekretuak eta legediak gainazaletik aipatzen dituenak abiapuntu harturik, hezkidetzari tarte zabal bat eskaini behar zaiola ulertu dut: sozializazio parekidea sortzeko, partehartze parekidea sustatu behar dugu. Gizarte parekide bat sortzeko eskola parekidea sortu behar dugu. Oraina da geroa.
Sortzeko eta hezkidetzaren lehen urrats gisa, landu eta eraldatu nahi dugunaren inguruko erradiografia bat egitea egokia da: diagnostikoa. Hartara, non gauden ulertuko dugu, abiapuntua zein den zehaztuko dugu eta nora heldu nahi dugun hausnartu ostean, beharrezkoak diren estrategia eta errekurtsoak sortu beharko ditugu. Eskolaren erronkak dira horiek guztiak. Bakoitzak dituen errealitate ezberdinei aurre egitean, bide desberdinak izango baititugu.
Genero-sistema hain errotua dagoelarik, eskola gehientsuen gatazka ugariren abiapuntua antzekoa izango da: ataria eta espazioen bereizketa generoaren arabera, jaialdiak, errepresentazioa, ikas-materialak,... Horietan guztietan diagnostikoak egiteko plantilak eta proposamenak uste nuena baino gehiago egon badaude; eta eskuragarri. Ez-jakintasunak ez egitera eraman ohi gaitu. Hezkidetzaren garrantziarekin sentsibilizatu artean, behintzat. Halere Haur Hezkuntzako etaparako baliabide eta hausnarketa gutxiago topatu ditudala aitortu behar dut. Etapa oso esanguratsua izanik, identitate eraikuntzaren aroa izanik, jarrerak imitazioz errepresentatzen diren garaia izanik, arreta handiagoa eskaini beharko geniokela sentitzen dut.
Errazagoa egiten al zaigu, bestelako adin eta jakin-mina duten haurrekin parekidetasuna lantzea?
PROPOSAMENA
Espazio hartzeak atarian, geletan, jolas sinbolikoetako errepresentazioetan estereotipoak errotzen dira, barneratzen,... Gizartetik edandakoak adierazten dituzte, jolasaren bidez. Eta hortxe haurren errealitatea ulertzeko eraren diagnostikoa egiteko unea. Eta gure esku hartzearen ezinbestea.
Proposamen bezala hori luzatzen dut; maiz jolas eta garapen librearen apustuan ez baitugu horrelako egoeretan esku hartzen. Egoera horietan, boterea eta genero hierarkia errepikatzen den errealitatea delako, jolasaren ondorengo eztabaidak, elkarrizketak eta hausnarketa guneak eraiki behar dira.
Gelan, komunikaziorako txoko bat sortzea proposatzen dut; non gertatu diren gatazkak kudeatzeko errekurtsoak emango zaizkien eta era autonomoan kudeatzeko bideak eta baliabideak eskainiko zaizkien. Harreman eta tratu onak indartzea eta guztion partaidetza bermatzea litzateke proposamenaren helburu nagusiena.
Antzeko proposamen landuagoak eskaintzen ditu Bilboko Zamakola eskolak. Bizikidetza plana sortu eta praktikan daraman eskola eredugarria; eskola bakoitzak bere errealitate eta baldintzetara aplikagarria.
Eskolak bizikidetzarako proposatzen dituen helburuak:
- Orainera begira, ikasleek bere burua seguru, babestuta eta aintzat hartuta sentitzea nahi dugu. Gure ustez, emozionalki positiboa eta estimulatzailea den inguruan bakarrik da posible bizikidetza eta ikaskuntza.
- Etorkizunari begira, ikasleek behar dituzten konpetentziak lortzea nahi dugu harreman osasuntsuak eta konstruktiboak eraiki ditzaten bai haien buruekin bai besteekin ere, jarrera koherenteak eta balore demokratikoak eta giza-eskubideen errespetua izatea nahi dugu, herritarrentzat ezinezkoa den hezkuntza.
- Eskolako lanari begira, proiektu honekin, ikasle guztien formakuntza osoan lagundu nahi dugu, bai pertsonak izateko, baita kolektiboan bizitzeko ere. Horiek kurrikulumaren ikaskuntzan baldintza egokiak direla uste dugu.
- Eskolaren inguruari begira, familien eta auzoaren laguntza dugu hezkuntza-eragile moduan, eta era berean eskola beti sentitu da auzoaren hobekuntzaren eragile aktiboa.
ESKOLAKO ERRONKAK
- Eremu desberdinen diagnostikoak egitea. Errealitatearen azterketa, behaketa, eta ondorioetatik abiatuta eraldaketarako proposamenak eraikitzea.
- Eskola komunitatea osatzen duten ororen parte hartzea heziketa parekidearen sentsibilizazioan.
- Eskola Curriculumak ikuspegi hezkidetzailea kontuan harturik osatzea
- Helburuak, metodologia eta materialak aztertzea eta ez-hezkidetzaileak deuseztatu eta ordezkatzea
- Metodologia eta materiala hezkidetzaileak sortzea
- Ebaluazioetan ikuspegi hezkidetzailea txertatzea.
- Eskolan arteko sareak sortzea, eremu ugari irekitzen dituen gaia delako eta elkarkidetzarekin elkarri-laguntzen aurrera egin dezakegulako.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina