2016/02/05

Identitateei buruz hausnartzen



                Identitatea beste pertsonengandik bereiztea eta, aldi berean, talde baten partaide izatea ahalbideratzen duten ezaugarriei edo alderdiei dagokie. Identitatea eraikuntza pertsonala eta banakakoa da, baita eraikuntza soziala ere.
Norberak bere buruaren zentzua garatzen du alde batetik, bere esperientzien, historiaren, ezaugarrien eta pertzepzioen bitartez eta, bestetik, haren hartu-emanen eta kulturak gidatzen dituen balioen eta arauen eraginez. Identitatearen eraikuntzan jasotzen dira gizon edo emakume izatea zer den agintzen duten mezuak, arauak. 

                Identitateak askotan pertsonak sailkatzea eta estereotipatzea dakar. Egungo sistema patriarkalaren egitura binario eta hierarkikotik ateratzen den pertsona oro zigortua izan ohi da, identitate batzuk beste batzuen aurrean baztertuz. Genero-identitatea eraikia den heinean, irauli daiteke eta garrantzi berezia du askotariko identitateak defendatzeak; emakume, gizon edo bi kategoria horietako bakar batean ere sartzen ez den beste modu batean identifikatzeko aukera izatea, baita desira sexualari eta afektuari dagokionez ere.


Heziberri 2020 proiektuan ikus daitekeenez nork bere sexualitatea eta identitatea askatasunez bizitzeko tresnak eskaini behar dizkiegu ikasleei.
“Sexujoeren aniztasuna. Nork bere sexualitatea sentitzeari dagokionez, norberak nahi bezalako sexuharremanak izateari dagokionez, pertsonok orientabide desberdinak ditugu, jakina. Historikoki, baina, mota horretako aniztasunari bizkarra emanda bizi izan gara, eta, horren ondorioz, zenbait ikaslek aparte sentitu dute beren burua.
Generoaniztasuna. Gizartekonstruktu bat da generoa, ikasle guztien oraina eta geroa baldintzatzen dituzten desberdintasun bidegabe askoren berri ematen diguna.”

Inguru hurbilari dagokionez, haurdun dagoen lagun batek, haurdunaldian umearen sexua jakin nahi ez duela esan dit. Haurdunaldian laguntzen ari zaion emaginari eskatu diote umearen sexua ez jakinaraztea posible den heinean behintzat. Haurrarenganako aurreiritzi eta estereotipoak saihesten saiatuko dira horrela, hautu kontziente eta politikoa eginez. 


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina