Irakasle gisa, askotan, ikasleei aholkuak, orientabideak ematen dizkiegu, baita jokabide-ereduak, baloreak, sentimenduak eta beharrak adierazteko era egokiak transmititzen ere. Haiekiko harreman estuak sortzeko, ezinbestekoa da entzute aktiboa, enpatia, interesa... agertzea eta hortik abiatuta, bizitza pertsonalerako, ikasketarako eta lan-bizitzarako prestatu.
Jarrera hau ikasle guztiekin landu arren, neskekin bereziki egin behar; zeren eta, gizarteratze eta ikaskuntza-irakaskuntza prozesuetan, neskek sistema patriarkala eta matxistaren eragina sufritzen duten: autokontzeptu, autoestimu, haien buruengan konfiantza gutxituak, gizarteak adierazten dien arrakastarako eta etorkizunean eskainiko dituzten ekarpenetan espektatiba eskasa… Zentzu honetan, genero-ikuspegia txertatuz, gure esku hartzeak, tutoretza lanak, ikasleen orientazioak garrantzi handia hartzen dute.
Gaur egun, nahiz eta eskola mistoa izan, ez gara lortzen ari, generoak ezartzen dituen ezberdintasunak ekiditen, ikasle guztiak berdintasunean hezten. Honela egiaztatzen dute egindako ikerketek, haien artean PISA txostenekoa.
Honen arabera, ikasketetan genero-arraila (emakume eta gizonen artean, aldagai baten inguruan, ohartzen diren ezberdintasunak adierazten dituena) mantentzen dela antzematen da. Adibidez, derrigorrezko hezkuntza ia bukatu arte, neskek matematikan, zientzietan eta irakurketan errendimendu hobea agertzen dute, baina hortik aurrera jaisten hasten da eta aukeraketa egiteko unean, mutilak zientziekin erlazionaturiko ikasketak eta ogibideak hautatzen dituzte eta neskek osasun zientzekin, hezkuntzarekin erlazionatuak.
Irakasleen eragina? Txostenak, arloaren arabera ezberdin ebaluatzen ditugula adierazten du, eta honetaz gain, indartzen ditugun estereotipoek eta matematika irakasteko erak, arlo honetarako neskek daukaten gaitasunean eragin ezezkorra dute.
Bestaldetik, familiak ere neska eta mutilekin agertzen duten espektatibekin, aukeraketa horretan bideratzen dituzte.
Emakume matematikariak (gazteleraz)
Argi dago, pertsona guztiak berdintasunean hezteko, desberdintasun horiek ezabatu behar direla eta honetan, bai irakasleok bai familiak ardura dugu, sexismoa baztertuz, neskengan konfiantza sendotuz eta mutilek ikasteko dituzten jarrerak aldaraziz. Azken finean, eredu sexistekin apurtzeko beharrezkoa da jarrera aldatzea eta ikasle bakoitza bere bakantasunean heztea, neska edo mutila den kontuan hartu gabe.
Lan merkatuari buruz, antzeko azterketa egin daiteke. Emakumeek zailtasun handiagoak izaten dituzte lan merkatura sartzeko eta egiten dutenean, lan baldintzak eta soldatak ezegonkorragoak izaten dira. Gaiztasun bera aurkitzen dute zuzendaritza karguetara heltzeko ere.
Aurreko guztia kontuan izanda, ikastetxeetan erronka handiak ditugu:
- Curriculum esplizitua eta ezkutukoa hezkidetzaren ikuspuntutik aztertzea eta eremu ezberdinetan emakumeen ekarpenak bistaratzeko, neskengan ditugun itxaropenak hobetzeko, balorazio ezberdinak ekiditeko, hizkuntzaren erabilera ez sexista orokortzeko... beharrezkoak diren aldaketak sustatzea.
- Tutoretza eta orientazio hezkidetzailearen bitartez, ikasleek familiarengandik, lagunengandik, ingurutik edo lan merkatutik jasotzen dituzten presioetara aurre egiten laguntzea. Honetarako, eragile guztien arteko koordinazioa ezinbestekoa da eta ikastetxeak “agente sustatzailea” izan beharko zen.
- Etorkizuneko bizitzarako prestatzeko, neskak eremu publikoetan parte har dezaten, mutilak sentimenduetan, emozioetan, zaintza partekatuan…, neska-mutilak elkar arduran, partaidetza parekidean ikasteko, genero-estereotiporik gabeko aukeraketa akademikoa bultzatzea, horiek neutralizatzeko estrategiak erabiliz.
- Tutoretza eta orientazio saioak irakasle-talde osoaren ardura gisa, ikastetxeko egunerokotasunean txertatzea, gizarteratze prozesuan neska eta mutilek ikasitako rolak, aurreiritziak, femeninotzat eta maskulinotzat hartzen diren eredu ezezkorrak...kritikatzeko eta haien kontra egiteko joera indartzea.
- Ikasleak, lanbide, bizitza, familia, pertsona mota anitzak onartzeko eta ezaugarri ezberdintasun horiek aberasgarriak baloratzeko prestatzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina