2016/01/31

Orientazioa eta aukeren inguruan hausnartzen




Orientatzeak neska-irakasle eta mutil-irakasleekin harreman jarraituak izatea suposatzen du, entzun, informazioa eman, lagundu, izateko, espresatzeko eta aske aukeratzeko espazioak zabaltzea da; guzti hori, emakume zein gizonen ekarpenak, sentimenduak eta interpretazioak kontuan hartuz eta onartuz.

Gaur egungo egoerari dagokionez, 2015. urteko PISA txostenaren arabera, genero-arraila mantentzen da, hau da, emakume eta gizonen artean aldagai baten inguruan dauden desberdintasunak adierazteko erabiltzen dena. Azpimarra daitekeen emaitzetako bat neskek orokorrean errendimendu hobeagoa dutela da baina baita autokonfiantza falta handiagoa ere.

Irakasleen aurreiritziek eta familien espektatibek duten eraginaren ondorioz, desberdintasun horrekin bukatzeko jarraibide batzuk ematen dituzte:

  • Sexismoa baztertu.
  • Nesken konfiantza sendotu.
  • Mutilen jarrera hobetu (ikasteko orduak eta ikasteko laguntza zaindu).

Ikasleen aukera pertsonaletan, profesionaletan eta bizitzakoetan genero estereotipoek ere eragin garrantzitsua dute, neskek eta mutilek egiten dituzten aukera akademikoetan islatzen direlarik, besteak beste. Gerora, aukera horiek zer unibertsitate-karrera edo ziklo egitea eta zer lanpostu edukitzea baldintzatzen dute. www.beha.eus orrialdeko “Lan merkatuaren egoera Euskal Herrian” txostenean agertzen diren emaitzek argi erakusten dituzte ondorioak:






































Esku-hartzea hezkidetzaren ikuspuntutik antolatuz gero, lehenengo pausua diagnostikoa egitea izango da. Marian Morenoren “Queremos coeducar” liburuan Tutoretza eta orientazio akademiko-profesional hezkidetzaile batean agertu beharreko aspektuak aipatzen dira:

  • Elkar-ardura eta etxeko lana berdintasunean partekatzea gizon eta emakumeen artean.
  • Lana (enplegua) izatearen beharra emakume eta gizonentzat.
  • Estereotipoen kritika, bazterkeriak aldentzera eramango dituztenak.

Horretaz gain, hezkidetzaileok ere azterketa bat egin beharko genuke, gu ere generoan sozializatuak izan baigara.

Bigarren pausua, tutoretza eta orientazio planifikazio hezkidetzailea izango litzateke. Aspektu hauek bete behar dira:

  • Emakumeek dituzten gaitasun ezberdinak balioan jarri, neska/emakumeen ahalduntzea sustatuz eta autokonfiantza handiagotuz.
  • Emakume eta gizonen errepresentazioa orekatua egotea.
  • Afektibitatearen heziketari dagokion garrantzia eman, bereziki mutilentzat.
  • Elkar-ardura eta zaintza ardatz izatea, eskolan, etxean eta aisialdian.
  • Identitate eta bizitza eredu anitzak landu: maskulinitate berriak, feminitate desberdinak, queer identitateak…
  • Lanbiderako orientazioan irudi ez estereotipatuak aurkeztu.
  • Lanbidea izatearen zentralitatea bizitzan agerian geratu, ikasle guztiak, independienteak izatea pertsonal eta ekonomia mailan.
  • Hizkuntza hezkidetzailea erabiltzen da.
  • Metodologian nesken autonomia eta parte-hartze parekidea bultzatzen da.

Proposamenei dagokienez, ondoko bi test hauek baliagarriak izan daitezke ikasleentzat. Bakoitzaren interesak argitzeko eta interes horiekin loturiko ikasketak edota lan arloak zein diren jakiteko balio dute:



Hau guztia ikastetxean/jendartean lantzeko erronkak:


  • Orientatzaileak aukera berdintasunaz informatuta, prestatuta eta sentsibilizatuta egotea.
  • Eskolako curriculuma ikuspegi ez-sexista batekin berrikusi.
  • Emakume eta gizonentzat “esleitutako” lanbideen teoriarekin amaitu.    

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina