Beste edozein pertsona bezalakoa
eta, aldi berean, inoren antzik ez duen pertsona. Zein naiz ni? Nolakoa naiz? Ze
ezaugarriek egiten naute besteen antzekoa eta zeintzuk erabat diferentea?
Ikasgaian zehar ikusi dugun modura, bizi garen inguru
sozial-kulturalak, gure gorputzaren berezitasunak eta subjektiboki dena interpretatzeko erabiltzen dugun begirada
dira gure identitatea osatzen duten aldagai nagusienak. Honen guztiaren
ondorioz, pertsona bakoitzak izateko, sentitzeko eta pentsatzeko garatzen duen
moduek definitzen dute gure identitatea.
Identitateak identitate, “sexu
identitatea” biologiak baldintzatzen duen bitartean, “genero identitatea”
testuinguruak baldintzatzen duen errealitatea da, bat genitalen eta ezaugarri
fisiologikoen arabera haurrari ematen zaion lehen identitatea, bestea
estereotipo eta rolei lotutako eraikuntza soziala. Eragile hauen erdigunean
eraikitzen dugu gutiok gure identitatea, banakakoa eta pertsonala bihurtzen den
prozesua garatuz.
Nire aburuz, prozesu goiztiarra da identitatea
eraikitzera eramaten gaituen ikasketa, oso txikiak garenetik jartzen dena
martxan, gugan ez dagoenean oraindik pentsamendu kritikoaren aukerarik.
Jendartearen artean oso zabalduta dauden
aurreiritzi eta estereotipoen bitartez barneratzen ditugun balio eta sinesmenen
aginduz ikasten dugu “emakume ona” edo “gizon jatorra” zer den, bakoitzari
dagozkion ezaugarriak zeintzuk diren. Ama eta aita izaten dira gure lehen
ereduak, aiton-amonak eta izeba-osabak ondoren, gero familiako lagunak,
irakasleak, pertsona publikoak eta abar, behin eta berriro molde bereko eskemak
errepikatzen direlarik. Eta hau guztia hizkuntza sexista eta antolaketa
patriarkal batean murgilduta, ikuspuntu androzentristatik abiatuz egin den
genero bereizketa binari hori indartuz.
Presio hau “desmuntatzen” hasteko oso
interesantea iruditzen zait, adibidez, feminitatearen inguruan patriarkatuak
garatu duen mistika salatzea:
HEZIBERRI 2020 proiektutik,
alde batetik edukiak hautatzeko irizpideetan fijatu naiz adibidez, oso
inportantea iruditzen zaidalako “eraldaketa sozialek eskatzen
dituztenak” eta “Komunitate bakoitzaren arazo
larrienak ulertzen lagundu behar digute” esaldiek jasotzen duten ideia,
hau da, une eta toki bakoitzeko ezaugarrietara egokitu behar direla edukiak
eta, gainera, norbera jendarteko kide aktibo izatea bultzatzeko balio behar
dutela, gizon zeon emakumeon bizimodua hobetzeko, beraz, nortasuna eraikitzeko
parekidetasunean, derrigorrez.
Eta, beste aldetik, 236/2015
DEKRETUA, abenduaren 22koa, Oinarrizko Hezkuntzaren curriculuma zehaztu eta
Euskal Autonomia Erkidegoan ezartzen duena, Gizarte
Zientzietako Dekretuan, espresuki aipatzen duenagatik 2, 6 eta 7. helburuetan
balio sozial eta zibikoei dagozkien atalean:
2) Nork bere balio-sistema eratzea,
oinarri-oinarrizkoa bada ere, bizitza-proiektua hartan oinarritzeko.
Horretarako, arrazionaltasuna, autorregulazio emozionala eta enpatia erabiliko
dira, egoerei buruzko iritzi morala autonomia eta objektibotasun nahikoaz
emateko.
6) Generoa, jatorria, etnia, sinesmenak,
desberdintasun sozial eta pertsonalak, orientazio afektibo-sexualak edo beste
edozein motatakoak direla-eta sortutako gatazkak identifikatu eta aztertzea,
giza eskubideetan oinarritutako elkarbizitza bidezkoa eta berdintasunezkoa
eragozten duten jarrerak arbuiatzeko.
7) Giza Eskubideen Aldarrikapen
Unibertsalak, Haurren eskubideen Konbentzioak eta estatuko eta erkidegoko
legediak jasotako eskubideak eta betebeharrak zein diren jakin, bere egin eta
babestea. Haien oinarri diren balioak jakitea, berdintasunezko jarrera
sustatzea, diskriminazioa dakarten estereotipoak, aurreiritziak eta rolak
arbuiatzea, eta, bereziki, emakumeei eragiten dietenak, jendearen eta taldeen
portaeren balorazio etikoa egiteko irizpidetzat hartzeko.
Inguru hurbileko aipamen bereziari dagokionez,
Luciak, Asteasuko lau urteko haurrak, neska izan nahiaren inguruan egindako
adierazpenak lortutako onarpen ofizialak hartu beharko lukeela lehen lerroa
uste dut. Harritzekoa, gainera, ABC bezalako hedabide batek eman dion
tratamendua:
Atal honen hasieran doan bideoan, hau da,
"Transexualitate egoeran dauden haurrak", oso ondo agertzen dela uste
dut, sinesmen bimorfista dela derrigorrez apurtu behar den baldintza horrelako
egoerak normaltasunez tratatzen hasi eta identitatearen inguruko aniztasuna ere
onartzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina