2016/02/26

GATAZKEN ALDE POSITIBOA



DEFINIZIOAK


J. Paul Lederach-en hitzetan “gatazka: bi pertsona edo gehiagok elkarrekintzan helburu bateraezinak dituztenean edota horrela dituztela uste dutenean sortzen da”. 

Gatazka une batean helburu bateraezinak dituzten pertsonen artean agertzen den elkarrekintza da eta horretan ados egon gaitezke, baina hori berez txarra al da?

Gatazken analisian, interpretazioan eta trataeran eskolan sortzen diren egoera gatazkatsuei aurre egiteko baliabide eta tresna egokiak, eraikitzaileak eta lankidetzan oinarritutakoak izatea ezinbestekoa da.



                                
                 

BIZIKIDETZA eta BAKERAKO HEZKUNTZA

· Ikusmolde tradizionalaren arabera, “bakea” gatazkarik ez egotea da eta bakearen ikusmolde hori negatiboa da; zuzeneko indarkeriarik gabeko egoera azpimarratzen du. Ordenari eusteko, etsaia konbentzitzeko eta status quo-aren iraunkortasuna bermatzeko indar militarra behar dela esan nahi du. 

· Bakearen aldeko Ikerketetan oinarrituta, “bake” gerrarik eza gisa hartzeaz gain, edozein motatako indarkeriarik eza bezala ere hartu izan da. Zuzeneko eta ageriko indarkeriaz gain (fisikoa edo erasoa), ezkutuko bi indarkeria mota ere badaude: batetik, egiturazko indarkeria — pobrezia, errepresioa eta alienazioa, hau da, gizakiei ahalmenak garatzen uzten ez dien oro —; bestetik, berriz, indarkeria kulturala — zuzeneko indarkeria erabiltzea edo biztanle batzuei oinarrizko eskubideak denbora luzean mugatzea justifikatzen duena.

Gaur egun, gatazkaren zentzu negatiboa hartzen duen ikusmoldea da nagusi: eskola eremuan, gatazkak zuzendu eta agertzea eragotzi beharreko  patologiatzat hartzen dira.

Galtung-ek gatazkaren ikuspegi positiboaren aldeko jarrera du: “gatazka erronka da; azken batean, helburu bateraezinak edukitzea izugarrizko desafioa da bi aldeentzat, bai adimen aldetik, bai emozio aldetik.

Bakerako Hezkuntzarako Euskal Liburuan dioen bezala “bizitzak berezkoa du gatazka, elkarren arteko harremana bera da gatazka, beraz,  gatazka ez da ez negatiboa ez positiboa. Positiboa edo negatiboa gatazka konpontzeko modua izango da.

BAKEA

Bakea gatazkarekin eta berari aurre egiteko moduekin lotuago dago gatazkarik egon edo ez egotearekin baino. Bakea ez da egoera estatikoa, prozesu dinamiko bat baizik. Gatazka ezinbestekoa da pertsonen eta jendartearen garapenerako. 

Bakea pertsonen artean eta ingurunearekin hainbat mailatan (ekonomikoa, sexuala, etnikoa, kulturala...) berdintasun-harremanak izatea da. Ez da egoera estatikoa, prozesua baizik. Egoera gatazkatsuei irtenbidea topatzeko moduek definitzen dute bake egoera dugun ala ez. Gatazken trataera eraikitzaileak eta berdintasunean oinarritutakoak bakea eragingo du. 


GATAZKARI AURRE EGITEKO

Lankidetza bada gatazkari aurre egiteko garatu nahi dugun jokaera edo modua, gatazkan parte hartzen duten pertsonen interesak, beharrak, balioak, itxaropenak, gertatutakoaren pertzepzioak ezagutu behar dira, beraien arteko komunikazioa bultzatu edota bitartekaritza erabili. 

Batzuetan argitze-prozesuak berak gatazka konpontzen du. Horrelako kasuetan sasi gatazka izan dela esan dezakegu, gauzak argitu direnean gatazka zela uste zena, gaizkiulertze edo ezjakintasun bihurtzen delako.

Zergatiak eta ondorioak ondo identifikatzeak emango die klabea gatazkan inplikatuak daudenei gatazkari irtenbide positiboa emateko bidea. 


                                                      


GATAZKEN TRATAERA ETA HEZKIDETZA

Eskolak erantzukizun handia du. Bizikidetza, ordena eta antolakuntza ulertzeko modu tradizionalek ikastetxeetan indarkeria-giroa sortu ohi dute.  Ikasleak sailkatzen dira (gatazkak sortzen dituztenak eta obedienteak), gatazken aurrean araudia izaten da erabiltzen den tresna nagusia -eta askotan bakarra-, hizkuntza sexista erabiltzen da, espazioen erabilera ez da parekidea izaten... nolabait patriarkatuaren keinu asko sumatzen dira oraindik hezkuntza eremuetan.

Gatazken trataera hezkidetzailean lau ardatz-kontzeptu  hartu beharko lirateke: 

● Botere eta lidergo partekatua. 
● Jarreren birziklapena. 
● Aniztasuna. 
● Justizia zein etika.


Paco Cascón-en hitzaldiari buruzko laburpena era grafiko batean jasota:




Ikastetxeetan bizikidetza eta gatazken trataerarako kultura positiboa hedatzeko, Isabel Fernández-ek 5 bost eremu landu behar direla esaten du:

1  KONTZIENTZIA HARTZEA

● Bizikidetza Planean jarritako helburuak ebaluatzeko genero-adierazleak izatea eta horien ebaluazioa egitea. 

● Ikastetxeko praktika onen eta txarren diagnosia.

2  CURRICULUMA

● Ebaluazioan “irabazle-galtzaile” sistema hierarkikoarekin apurtzea eta erreferentea norberaren prozesua izatea.

● Botere kontzeptua birdefinitzea eta bera garatzeko behar direnak: aukerak zabaltzeko gaitasuna, akordiotara heltzeko gaitasuna, komunikatzeko gaitasuna, emozioak ulertzeko gaitasuna.

● Gatazken irtenbide-eredu positiboak erakustea.

3  BANAKAKO TUTORETZA, GATAZKEI AURRE EGITEKO LAGUNTZA ZUZENA EGITEKO

● Nahiz eta arauak ondo zehaztuta izan, zaintzaren etikaren haritik, bestelako alderdi hauek ere kontuan hartzekoak dira: testuingurua, elkar ardura, harremanak. 

● Gatazka bakoitza ezberdina dela kontuan izatea. Ezin dira gatazka guztiak arau berberekin, dinamika berberekin, eredu berberekin tratatu. 

● Gatazka baten aurrean alderdi pertsonalak kontuan izatea.

4  PARTAIDETZA

● Neskek zein mutilek beren beharrak eta interesak adierazteko parte-hartze aktiborako guneak izatea.

● Araudia modu partekatuan lantzea. 

● Partaidetzan elkarrekiko eraginkortasuna eta parte-hartze parekidea bermatzeko metodologia kooperatiboak erabiltzea. 

5  ANTOLAKUNTZA

● Bizikidetza Behatokian ikasleen (nesken zein mutilen) parte-hartze aktiboa bermatzea

● Espazioen eta denboren kudeaketa parekidetasunean oinarritutakoa izatea. (Adibidez, patioetan joku kooperatiboak bultzatzea.).


         



          



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina