Heziketa afektibo sexualaz ari garenean, estrategia multzo batez ari gara, non estrategia horien bidez pertsonak gizartean lekua aurkitu eta horretarako bere rolak betetzen dituzten. Guzti hori norberaren identitateak baldintzatzen du, emakume, gizon, heterosexual, homosexual… Pertsonei gorputza sexuatutik abiatuta, identitate sexual propioa ezagutzen eta ulertzen laguntzean datza. Hau da, pertsona bakoitzak patriarkatu eta heteroarauen mugetatik aldenduz, izateko, gozatzeko, harremantzeko, komunikatzeko... bideak aurkitzeko bitartekoak eskaintzean. Desira ertikoak ulertzen, aurkitzen eta erregulatzen laguntzea da, beldurrik eta mehatxurik gabe, errespetua oinarri norberak nahi duena ezagutu, ulertu eta egiteko aukerak ematea.
Horretarako sexualitateaz modu askean hitz egitea ezinbestekoa da, ezkutuko gai izateari uztea. Inork ez du hitz egiten gorputza, plazerra eta erotikari buruz, eta zerbait esaten denean, sekretu kutsua du. Beraz, haurrak barneratzen hasten dira ez dela gai horien inguruan hitz egin behar. Aztertu daiteke nola haurrek euren gorputza esploratzen duten txikiak direnean. Beste umeekin jolastean, esplorazioa konpartitzen dute. 5, 6 edo 7 urterekin, gizartean dagoen debeku kutsu hori barneratzen dute. Debeku hori batzuentzat handiagoa da besteentzat baino, finean gizarte heteropatriarkarrean zapalduak dauden kolektiboentzat debekua handiagoa izaten da.
Hutsune horrek heziketa sexuala heteroarauaren erreferentzia indartzen du, gizartean dauden mito eta esterotipoak direlako erreferente heziketa gidatua ez denean. Finean sexua kontsumo produktu bilakatu da eta horiek sistema heteropatriarkarraren tresnak dira. Heziketa afektibo sexuala ez lantzea bada zerbait egitea, sistemaren produktu eta logikaren baitan uzten baitugu haur eta gazteen garapen afektibo sexuala.
Norberak bere gorputza nola bizi duen, horretan dago lan handia. Ideala diren prototipoak saltzen dizkigute, baita gorputz horien erabilpena nolakoa izan behar den ere. Eta honetan ere emakumeak gara presio handiena jasaten dugunak, bai gorputzaren kanonari jarraitu beharrean eta baita gure gorputza plazerra emateko objektu gisa ulertzean. Aldez aurretiko gidoi bat idatzia dago eta horrek gozatzeko, maitatzeko… moduak aurkitzea eragozten du.
Heziketa afektibo sexuala lantzea ezinbestekoa izateaz gain, hau hezkidetzailea izatea ere bada ezinbesteko eta eskoletan dugun erronka handienetarikoa. Hala nola:
- Eskola-komunitate osoaren sentsibilizazioa eta prestakuntza hezkidetza ikuspegitik.
- Heziketa afektibo sexualaren lanketa kontzientea egitea.
- Sexualitatearen inguruko mitoen deseraikitzea.
- Sexualitatea aniztasunetik tratatzea, aniztasuna normalizatuz eta heteroarauetik aldenduz.
- Gorputz ezberdinen ezagutza eta onarpena bermatzea, ezarritako kanon idealak baztertuz norberak bere gorputza ezagutu eta gozatzeko aukerak ematea.
- Sexualitate eta afektibitatearen inguruan esperimentatzeko bitartekoak eta espazioak eskeintzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina