2015/12/04

EMAKUMEEN EKARPENAK

 Emakumeek gizartean izan duten presentzia mugatua eta baldintzatua egon da beti. Halaber, nahiz eta emakumeek historiari eta gizarteari orokorrean ekarpen handiak eta historikoak egin, heteropatriarkatuak horiek inbisibilizatu izan ditu eta inbisibilizatzen jarraitzen ditu. Horrela, sistema bera mantentzeaz gain, botere asimetrietan sakontzen du. Hiru dira heteropatriarkatuak erabiltzen dituen mekanismoak emakumeak eta euren ekarpenak ikustezin bihurtzeko:
  • Androzentrismoa: Gizona gauza guztien erreferente izateari deitzen zaio. Ikuspegi maskulinoaren arabera definituko eta deskribatzen da mundua. Hori dela eta, estereotipo maskulinoek garrantzia hartzen dute. Hau da, historia kontatzerakoan emakumearen figura kontuan ez hartzeaz gain, ikuspegi maskulino batetik kontatzen da, eremu publikoari garrantzia handiagoa emanez, efektibotasunari... Adibidez, gerrei garrantzia handia ematen zaie eta garaiko gastronomiaren inguruko aipamenik ez da egiten.
  • Sexismoa:  Emakume izateagatik bakarrik diskriminazioa bultzatzen duten jarrerak dira. Botere harreman desorekatuen ondorioz, emakumeak gizartean bigarren plano batean daude kokatuta. Beraz, protagonismoa ez izateak eremu publikoan eragiteko eta horretan ekarpenak egiteko zailtasunak izan dituzte. Horrek eremu pribatu eta eremu publikoaren dikotomia aberastu du. Halaber, emakumeen ezaugarriak eta zereginak gutxiestea edo gizonezkoenak bezala ez baloratzea ekarri du.
  • Ezagutzaren jabetza kentzea: Sexismoaren eta androzentrismoaren ondorioz, gizonezkoek barneratzen duten eskubidea da. Garai batean emakumeek debekatuta zeukaten eremu publiko batzuetan parte hartzea eta beraz, euren jakinduria zabaltzeko gizonezko baten izena erabili behar zuten. Gaur egun, egoera ez da hain muturrekoa baina oraindik ere gizonezkoek emakumeen produkzioez jabetzen jarraitzen dute, adibidez, emakumeen iritziez.

Dena den, feminismoak urteetan zehar izandako borrokari esker, emakumeen lana eta ekarpenak asko bisibilizatu dira eta horrela eremu publikoan dugun presentzia areagotu da. 
Baina feministon helburua ez da bakarrik emakumeak kuantitatiboki ikustaraztea. Emakumeok ere mundua ikusteko bestelako ikuspegia dugu, zientzia beste modu batean ulertzen dugu, bestelako aspektu edo gaietan jartzen dugu enfokea (zaintza, amatasuna...) Aspektu horiek ere ikustarazi behar dira. 
Hezkuntzaren alorretik, ikasleen garapen integrala ziurtatzeko ezinbestekoa da emakumeok protagonismoa eskuratzea. Protagonismoak identitatearen garapenarekin lotura handia dauka, nork bere bizitzaren jabe izaten laguntzen baitu. Horrez gain, protagonismoa eskuratzea ahalduntzera eramaten gaitu, zeina egoera ahuletan dauden kolektiboen garapen beharra adierazteko erabiltzen da. Ahalduntzeari esker, pertsonak objektu izatetik subjektu aktibo izatera igarotzen dira.

Hori guztia lortu ahal izateko, aurretik aipatutako heteropatriarkatuaren mekanismoak deseraikitzea ezinbestekoa da (androzentrismoa, sexismoa eta jabetzea). Horretarako hiru zeregin markatzen dira:
  • Emakumeok gizarteari eta giza garapenari egindako ekarpenak ikustaraztea.
  • Ekarpen horiek baloratzea eta gaur egungo eta etorkizuneko gizartea eraikitzeko erreferente bilakatzea.
  • Emakumeon ekarpenak inbisibilizatzeko erabilitako estrategiak identifikatzea eta deseraikitzeko mekanismoak diseinatzea.

Zeintzuk dira eskolak honekiko dituen erronkak?
  • Testuliburuen eta eskolan erabilitako bestelako baliabideen azterketa egitea:  emakumearen presentzia eta zereginak.
  • Emakumezkoek gizarteari egindako ekarpenak transmititzea, bisibilizatzea eta baloratzea.
  • Espazioen erabileraren gaineko analisia egitea: eremu publiko-pribatu (jolastokia adibidez)
  • Errealitatea beste modu batean, ikuspegi androzentristatik at, ezagutzea eta azaltzea.
  • Hezkuntza komunitateak hezkidetza bere gain hartzea eta eskolako jarduera guztietan genero ikuspegia txertatuta egotea.

Sexismoaren adibide bat Euskal Herrian:
Gure herrian nazio identitatea hain garatuta dagoen eta hizkuntzaren transmisioari hainbesteko garrantzia ematen diogun lurralde honetan ,emakumeek ikastolen sorreran izan zuten funtzioa inbizibilizatua egon da.

Garai horietan ikastolen aitzindariak izan ziren etxe-eskolak abiarazterako orduan, errepikatu zen genero-rol banaketa: emakumeen papera zaintzari lotuta zegoen, eta gizonena mantenuari eta sostengu ekonomikoari azken honek zuen errekonozimendu politiko eta soziala eta amek egindako lana ezkutaturik eta errekonozimendurik gabe geratu izan da, horren adierazgarria da testuinguru honen protagonista izan zen ama batek deskribatutakoa:

Egia esan [beraiek] dira borrokan aritzen direnak, baina atzean dauden soldadu koitadu horiek dira bidean geratzen direnak, inork kasu egiten ez dienak, eta kontua da beraiek izan direla borrokan ibili direnak. Zaldi gainean doana bakarrik ikusten dugu. Gizonak horrela zebiltzan: zaldi gainean bidea urratzen, atzealdean norbait utzita. Ba hori, gu. Gu arduratzen ginen haurrez, andereñoei jaten emateaz eta gainontzeko guztiaz. Senarra gaueko hamaiketan etortzen zen, poz-pozik Plentzian egon zelako eta ‘begira, alkatearekin berba egin dugu eta ikasgela bat utzi digu’ (...) Gerlarien dominak jartzen etortzen zen”21 (Rincón, A-Anzizar, A., 2014: 64).


Beraz, emakumeek burututako lan ikustezin horiek guztiek paper erabakigarria izan zuten euskararen eta euskal kulturaren transmisioan, giroa bereziki latza zen garaia honetan. Etxe-eskoletan parte hartu zuten emakumeek isilpeko erresistentzia-sarea eratu zuten, apurka-apurka gizartean errotzen joan zena. Horrek, hein handi batean, ahalbidetu zuen hirurogeiko hamarkadan ikastolen mugimendua indarrez sortu eta ondorengo urteetan garrantzia hartzea. Ikastolen sorreraren garai horietan andereñoen artean aitzindaria dugu Elbira Zipitria (1906-1982). Honek hezkuntza mistoaren eta pedagogia progresistaren alde borrokatu zuen Emakume Abertzale Batzatik Gipuzkoan. 


Hementxe Eusko Mediak Euskal Herriaren historian eragina izan duten pertsona garrantzitsuen gainean egindako bideo batzuk. Eusko Mediak emakumeen ekarpenak kontuan izan ditu eta inbisibilizatuak izan diren emakumeen historia kontatu du. (sarean emakume historikoen bideo gehiago daude)








iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina