Hezkuntza eremua oso espazio egokia da hezkidetza
garatzeko eta genero berdintasunaren alde egiteko.
Lan honetan esfortzu pertsonalak eta kolektiboak ez dira
nahikoak, oso inportantea da legedia. Legediari esker modu pertsonalean eta
kolektiboan egiten diren jarduerak, ekimenak, proposamenak babes legala
jasotzen dute eta gainera berdintasunerako politika bermatzen dute hau da gobernuek,
udaletxeek eta bestelako erakunde publikokoek egin beharreko arautzen dute
legeek.
Gure eremuan lege anitz dugu gure lana babesten dutenak:
Euskal
Eskola Publikoaren Legea: “Euskal eskola publikoa (...) ezberdintasunen
berdintzailea eta dibertsitateen integratzailea izatea” eta “irakasten denaren
hezkidetzazko izaera bermatzea”.
Milurteko
Aitorpena: "Hezkuntza unibertsala, emakume
eta gizonen arteko berdintasuna eta emakumeen autonomia lortzea".
Genero Indarkeriaren
Aurkako Babes Osorako Neurrien Legea: "Emakumeen duintasuna- eta
emakume eta gizonen arteko berdintasunari errespetu-balioak sustatzeko
hezkuntza sistemak dituen betebeharrak adierazten ditu".
Hezkuntza Sistemaren helburu nagusia da
pertsona modu integralean formatzea. Identitate propioa osatu eta bere
balorazio etikoa integratzen duen errealitatearen kontzeptua eraiki ahal
izateko aukera eskaintzen diegularik haur eta gazte guztiei.
Euskadiko
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea: Helburuak: bizitzaren esparru guztietan aukera eta tratu berdina
sustatzeko eta bermatzeko neurriak garatzea, bereziki, diskriminaturiko
gizatalde bezala, emakumeen autonomia suspertzea eta gizartean, ekonomian eta
politikan bere posizioa indartzea.
Hauek izango lirateke gure lanarekin
lotura zuzena duten atalak:
- HEZKUNTZA eredua (28. art.), “sexuaren araberako estereotipoak eta rolak baztertuko dituen garapen integrala eskaini, bereizkeria-mota oro baztertu eta generoak behartu gabeko orientazio akademiko eta profesionala bermatzen dituena izango da.
- HEZKIDETZA proiektuak sustatuko ditu Hezkuntza Administrazioak (29. art.) eta jakintza-arloetan eta curriculumean integratu beharko diren helburuen artean: b) “Emakumeen jakintza eta emakumeek gizadiaren garapenari egin dioten ekarpen sozial eta historikoa integratzea” (edukiak berrikusi eta, hala dagokionean, zuzendu); c) Etxeko lanak eta pertsonak zaintzeko beharrezko ezagutzak sartzea …
- Sexismoa edo emakumeen aurkako indarkeria erreproduzitzen duten material didaktikoak debekatzen dira (30. art.). Hezkidetza helburuak bete beharko dituzte erabilitako material didaktiko guztiek, halaber hizkuntzaren erabilera ez-sexista izango da eta irudietan emakume eta gizonen arteko errepresentazio orekatua eta ez-estereotipatua.
- Pertsonak, egiturak eta koordinazioa (31. art.). Ebaluazio, ikerkuntza, berrikuntza eta irakasleen laguntzarako zerbitzuetan hezkidetzan trebakuntza zehatza duen pertsonala izatearen beharra adierazten du legeak, baita emakume eta gizonen presentzia orekatua hezkuntza maila guztietan. “Irakasleek ikastetxeen zuzendaritza-organoei jakitera eman behar diete emakumeen eta neskato-mutikoen aurka nabaritzen duten indarkeria-zantzu oro”.
Honekin loturik, hirugarren xedapen gehigarrian,
ebaluazio, ikerkuntza, berrikuntza eta irakasleen laguntzarako zerbitzuko
lanpostu zerrenda aldatuko da hezkidetzaren arloko gaikuntza behar duten plazetarako
beharkizun bereziak txertatuz.
Hezkuntzari
Buruzko Lege Organikoa: Printzipio hauek ditu jarraibide (1.
art.): “k) Gatazkei aurrea hartzeko
eta gatazkak era baketsuan konpontzeko hezkuntza, eta indarkeriarik eza bizitza
pertsonalaren, familiaren eta gizartearen eremu guztietan. l)
Eskubide-berdintasunaren eta aukera-berdintasunaren garapena, eta gizonen eta
emakumeen arteko berdintasun eraginkorraren sustapena”.
Hezkuntzaren xedeen artean (2. art.) ”funtsezko eskubide- eta askatasunekiko
errespetuan, emakume eta gizonen arteko eskubide- eta aukera-berdintasunean eta
aniztasun funtzionaleko pertsonen tratu berdinean eta diskriminazio ezan
heztea”.
Etapa desberdinetan lortu nahi diren
helburuak ondoko hauetan laburbildu daitezke (hiritartasunerako hezkuntza kanpo
utzita, gaur egun indarrean ez dagoelako): E
- Estereotipo sexistak, aurreiritziak eta indarkeria baztertzea eta gatazken trataera baketsua ikastea (gatazka pertsonalak eta harremanetan gertatzen direnak: eskolan, familian eta bizitza sozialean).
- Aniztasun funtzionala duten pertsonen benetako berdintasuna eta diskriminaziorik eza bultzatzea.
- Kultura desberdin eta pertsona desberdinekiko errespetua bermatzea.
- Gaitasun afektiboak eremu pertsonalean eta besteekiko harremanetan garatzea.
- Emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasun eta aukera-berdintasun eraginkorra sustatzea, dauden desberdintasunak kritikoki aztertzea eta balioestea.
- Ikasketa eta lanbide aukera guztiak gauzatzeko estereotiporik gabeko orientazioa izatea.
Aipatu
beharreko beste batzuk hauek dira:
Emakumeen eta
Gizonen Berdintasun eraginkorra lortzeko Lege Organikoa: Emakumeen
eta gizonen eskubide eta aukera berdintasuna Hezkuntzaren xedea izango dela kalitate-printzipioen
artean hori kontuan hartuz (23.art.).
Ikasleen
eskubide eta betebeharren Dekretua: ikastetxeko bizikidetzari kalte larria egiten dioten
jokabideak definitzen ditu:
b)
Diskriminazioa dakarten edo adierazten duten irainak erabiltzea, diskriminazio
horren arrazoia edozein izanik ere: jaiotza, adina, arraza, sexua, egoera
zibila, orientazio sexuala, gaitasun fisikoa edo psikikoa, osasun-egoera,
hizkuntza, kultura, erlijioa, sinesmena, ideologia, edo beste edozein egoera
edo zirkunstantzia pertsonal, ekonomiko edo sozial.
c)
Jazarpen sexista, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko
4/2005 Legeari jarraiki halakotzat hartuta: nahi ez duen pertsona batekin eta
pertsona horren sexua dela eta, hitzez, hitzik gabe edo fisikoki edozein jokabide
izatea, eta horren helburua edo ondorioa pertsona horren duintasunari erasotzea
edo kikilduta, etsai, makurrarazita, irainduta edo laidoztatua sentiarazteko
giroa sortzea bada.
Etxeko
tratu txarrak eta sexu indarkeria jasaten dituzten emakumeei harrera hobea
egiteko erakundeen arteko II. Akordioa: hezkuntza eremuan edozein genero-indarkeriaren aurrean esku hartzearen
beharra adierazten du eta kasu bakoitzean egin beharrekoa azaldu.
EAEko
Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako VI. Plana: Hizkuntza eta/edo beste komunikazio elementu batzuk era
ez-sexistan erabiltzeko beharra azpimarratzen ditu eta emakumeen aurkako indarkeria
desagerraraztearen premia ere bai.
Hezkuntza-sisteman
hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Plana: Eskola mistotik eskola hezkidetzailera
joateko bidean aurrera egiteko eta indarkeria sexistaren prebentzioa sustatzeko
asmoz aurkezten da.
Helburu estrategikoak:
- Hezkuntza sistema hezkidetzazko eskola eredua era koordinatuan bultzatzeko egiturez eta pertsonez hornitzea.
- Eskola mistoan eraldaketa prozesuak bultzatzea hezkidetzazko eskola baterantz joateko.
- Genero indarkeria eta sexismoa sorburu duten indarkeria mota guztiak prebenitzeko, garaiz detektatzeko eta horiei erantzun eraginkorra emateko mekanismoak abian jartzea.
Eta laster argitaratuko
den Heziberri
2020, non printzipio orokorretan aurretik aipatutako gehienak jasotzen
diren:
- Bizialdi osorako oinarri sendoak ezarri, estereotipoak eta ezarritako ereduak gaindituz, beren bizitzak zentzuz gida ditzaten, beren helburuak hauta ditzaten, beren aukeren, egungo eta etorkizuneko premien eta pertsonak artatzearen ardura har dezaten, eta gizartean txerta daitezen, modu aktiboan, kritikoan eta arduratsuan parte hartuz eta beren nortasuna osoki garatuz.
- Hezi beharra dago bake positiboan, giza eskubideetan, justizian, elkartasunean eta inklusioan. Bake positiboaren kultura sortu, non gatazkak elkarrizketa eta kontsensuz bideratzen diren, aniztasuna (sexuala, kulturala, orientazio sexuala …) errespetatu eta baloratzen den eta neska eta mutil-ikasleen garapen emozionala sustatzen den.
- Pertsonen garapen osoa eta bizitzaren esparru (pribatu, domestiko, publikoa) eta egoera guztietan aritzeko beharrezkoak diren konpetentziak lortzea bai maila pertsonalean eta sozialean ere.
- Lan egin emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde.
- Emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzio eraginkorra egin, eta beste instituzioekin elkarlanean aritu neska eta mutilen abusu eta esplotazio sexualen aurkako babesa eta prebentziorako.
- Aukera berdintasuna bermatu jatorrizko diskriminazioak gaindituz (sexu, genero, aniztasun funtzionala, orientazio sexuala, etnia, jatorri soziokulturala).
- Orientazio pertsonal, familiar, akademiko eta profesional bat, genero estereotipoak eta inposaturiko ereduak gaindituz pertsona bakoitzaren gaitasun guztiak garatzen eta bizitza proiektu propioa eraikitzen laguntzen duena.
Materialei
dagokionez Emakume
eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legera (2005) bideratzen gaitu (Oinarrizko
Hezkuntza Dekretua. 26.art.; Batxilergo Dekretua. 25.art.).
- Honek debekatu egiten du pertsonek sexu batekoa edo bestekoa izateagatik duintasun gehiago edo gutxiago dutela edo sexu-objektu soilak direla adierazten duten testu-liburuak edo material didaktikoak zabaltzea eta erabiltzea, bai eta emakumeenganako indarkeria justifikatu, horri garrantzia kendu edo horretara bultzatzen dutenak ere. Era berean, aniztasun familiarra eta afektibo-sexuala agertu behar da materialetan, gainerako errealitate kulturalak, etnikoak …(4.ptua)
- Momentu honetan, Heziberri 2020 agertzen ari zaigu. Batxilergorako zirriborroan hau aipatzen da 29. orrialdean: “Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako material didaktikoetan azalduko dira Dekretu honen 14. artikulu 1. lerrokadako hezkidetza-helburuak ere. Bestalde, hizkuntza ez da modu sexistan erabili behar, eta irudietan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua eta estereotipatu gabekoa bermatu behar da” (5.ptua). 14. artikulu hori ez dago eskura. Espero dezagun behin betiko bihurtzen denerako ondo definitutako hezkidetza helburuak aurkitzea.
Irakasleen prestakuntza dela eta, Hezkuntza-sisteman
hezkidetza eta genero-indarkeriaren prebentzioa lantzeko Gida Planaren
proposamenari jarraitzen dio:
- Hezkidetza, aniztasun afektibo sexuala, eta hezkuntza-babes bereziak behar dituzten kolektiboentzako arreta egokia sustatzeko hezkuntza inklusiboa garatzea [Oinarrizko Hezkuntza Dekretuaren 30.art. c); Batxilergo Dekretuaren 29.art. c)].
Beraz, esan dezakegu lege asko eta oso
ondo adierazten dutela nolako praktikak bideratu behar ditugun.
Emakume eta
gizonen arteko berdintasun erreala lortu ahal izateko bidea egin behar dugu gure
sisteman dauden neska eta mutilekin beren identitatea eraikitzeko aukera
berdintasuna izan behar dute, estereotipotik at eta inongo bazterkeria jasaten
duten beren ezaugarriengatik.
Legeak beharrezkoak dira, baina
hezkuntzan praktikak aldatu ahal izateko material
hezkidetzaileak ere oso inportanteak dira. Material hauen bidez espiritu kritikoa
eraikiko dugu irakasleok, materialetan eta egunerokotasunean ematen diren
egoerak aztertu ahal izateko eta gure ikasleak bide berdinean jartzeko.
Lagunduko digute ere identitate desberdin aurrean errespetuz jokatzeko, ulertzeko
eta enpatia sentitzeko. Era berean eredu ez patriarkalak eskainiko diegu bai
mutil, bai neskei eta emakumeen agerikotasuna landuko dugu zientzi,
literatura,kirola eta kulturaren eremu desberdinetan.
Zorionez material asko eta
interesgarriak ditugu. Hauek dira horietako batzuk:
- http://www.educandoenigualdad.com/
- http://www.educatolerancia.com/pdf/171_cuentos-madres-padres-pdf%5B1%5D.pdf
- http://www.educarenigualdad.org/media/pdf/uploaded/old/Mat_177_guia_de_los_recursos.pdf
- http://steilas.eus/category/argitalpenak/unitate-didaktikoak/
- http://tematico.asturias.es/imujer/upload/documentos/guia_no_ogros_ni_princesas1069.pdf
Hau guztia kontuan izanda eta gure
ikasleak berdintasunean hezteko, ikastetxeetan
sortzen dira erronka polit eta sendo
batzuk. Oso modu laburrean esanda:
- Ikastetxeko eremu desberdinen azterketa egitea: Hizkuntza, harremanak, espazioak, materialak, jaiak eta ospakizunak, partaidetza, ...
- Aurkitzen diren ahulezien aurrean plan zehatzak egin eta hauek zabaldu ikas komunitate osoan, hau da irakasle, ikasle, familia eta irakasleak ez diren bestelako eragileak.
- Emakumeen kontrako indarkeria dela eta, sentsibilizazio kanpainak egin berdintasunaren alde non neskak eta mutilak inplikatuko diren.
- Eredu berrien adibideak eman eta zabaldu: neska eta emakume independenteak, lan eremuan, politikan, kirolean,... arrakastatsuak direnak eta mutil eta gizon arduratsuak eta patriarkatuak azarritako ezaugarriak betetzen ez dutenak.
- ...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina