2015/11/29

HEZKIDETZAN LEGEDIAK BABESTEN AL GAITU?

Feminismoak izan dituen lorpenak azpimarratzen eta gogoratzen egon ginen aurreko asteetan. Feminismoaren mugimenduaren eta borrokaren ondorioz, egun emakumeok ditugun lorpenak azpimarratzen; horien artean berdintasun legala. Ezinbestekoak ulertu ditut, ekintza hezkidetzaileen argudioak indartzen dituelako. Jendartearen begiradan, Legeak aitortzen dituenean, arrazoiaren pisua indartzen da. Aldundiak garatzen dituen politikei dagokienez, berdintasuna eraikitzeak oinarrizko hiru zutabe ditu, eta horiek ekintza-plan desberdinekin garatu dira azken zazpi urteetan: Kanpoko zutabea, elkarte-sarearekin egiten diren ekintzak, herritarrak sentsibilizatzeko kanpainak, kontzientziazio-ekintzak, etab. Barruko zutabea, Aldundiko politika guztietan zeharkakotasuna aplikatzeko egiten diren ekintza guztiak barnean hartzen dituena. Zutabe elkarbanatua (parekatuz espazioa): administrazioak, gizarte-sektoreek, enpresek eta erakundeek jardun-esparru bakoitzean berdintasun-politikak aplikatzeko esperientziak eta proiektuak elkarbanatzen dituzte. (Informazio Agerkaria 2007ko urria/azaroa 9)

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna, jendarte askea.

4/2005 LEGEA, otsailaren 18koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerakoaren xedea tratu eta aukera berdinak izan ditzaten sortutako araudia da, non gizon zein emakumeak libre izango diren beraien gaitasun pertsonalen garapena eta gizarte librearen eraikuntzan. Hori bultzatzeko (28.art) curriculuma berraztertu behar da. Hezkuntza sistemak sozializaziorako baliabide sozial eta baliozkoetan trebatzea du helburu nagusietako bat. Baita mundu laboralerako zubia izatea. Horietan, haur bakoitzaren garapen integral eta askeari so egin behar dio. Eta horiek bermatuak izan daitezen eskaintzen den eredu oro aztertu eta behar den kasuetan desegin eta berriak sortu. Material hezkidetzailea lan-tresna bilakatu behar da, irakasle ororentzat. Begirada berriaz, parekidetasun jarreraz erroturik burutuko ditu helburuak, jarrerak, ekintzak, proposamenak, …

Material hezkidetzailea ez dut irakaskuntzak eskaintzen duen material didaktikoaz soilik ulertzen. Hori bera eredu denetik berregin eta kritikotasunez aztertzea egin beharreko ariketa dela gogoratzen dudan arren. Material hezkidetzailea, hezitzaileak berak bere horretan formatzeko eta ikaslea eta errealitatearen zubi izateko sortu eta eskaini behar dituen eredu hezkidetzaile gisa ulertzen dudan baliabide multzoa ere badela esango nuke; eskolako espazioetan dauden materialak (hormairudiak, aldizkari eta liburuak, bideoak,…); irakasleontzat formatzeko eskolak izan ditzakeen tresnak; geletan gai bakoitzean eskaintzen diren materialak-ariketa bakoitzean-, etapatik etapara oso desberdinak dira guztiak. Hezkuntzari Buruzko Lege Organikoak (2006ko maiatzaren 3a) agertzen digu, “Emakumeen eta gizonen arteko eskubide-berdintasun eta aukera-berdintasun eraginkorra sustatzea, dauden desberdintasunak kritikoki aztertzea eta balioestea” duela helburu Hezkuntzak, batetik, eta “ Ikasketa eta lanbide aukera guztiak gauzatzeko estereotiporik gabeko orientazioa izatea”, bestetik. Eskolak horiek gauzatzeko eta eskaintzeko azterketa eta hausnarketa sakonak burutu behar ditu, beti ere, lan-talde osoaren parte hartzearekin, inplikazioarekin eta zuzendaritzaren etengabeko ikuskaritza eta jarraipenarekin.

Aste honetako jarduerak-ondorioak. 

Legearen babesa nahikoa ez dela erakutsi didate. Bai, ostera, hezkidetza taldeotan lanean ari garenontzat babes handia. Legeak duen berezko indarra, erresistentzietarako argudio egokia bilakatzen baita. Zoritxarrez berdintasunaz mintzatzean, jarrera sexistez erroturiko ehunka argudiorekin egiten dugu topo; gizonen pribilegioak eta hierarkiak babestu ohi dituztenak, eta emakumearen egungo arteko ahulezia gailendu. Legeak esaten dituenak aipatzen dituzunean, bortizki eta era inposatuan adierazten dituztenak iraultzeko baliagarriak dira. Lau katuren bertsio feministak (eurek asmatzen duten konnotazio negatiboez) izan beharrean gizarte eraikuntzarako proposamen bilakatzen baitira. Gurean, esate baterako, jaialdien diagnostikoa eta ondorioak aurkezteko unean, inguruko hezitzaileek erresistentzia handia agertu dute; “ez ote ditugun kontuak bere onetik ateratzen, zer axola dion bikoteak neska-mutil osatzea tradizioa eta estetikaren izenean bada, zergatik eman behar zaien jantziaren aukera librea ikasleei, zer axola duen kaldererotan neskek pandereta edota mutilek zartagia jotzea,…” Horrelakoen aurrean, argudio hezkidetzaileak ez direla nahikoak sentitu dut. Baita Zuzendaritzak gaiarekiko ardura handiagoa hartu beharko lukeela ere. Hezkidetza taldeko proiektua, formazioa, proposamenak eta ekintzak etapetan presentzialki babesteaz gain, hitzez heziketa hezkidetzailearen garrantziaz mintzatu beharko litzateke. Exijentziaz. Indarrez. Gaiak berean dakartzan mamuak, beldurrak eta erresistentziak deseginez. Horietarako baliagarriak Legeak. Babes politikoa eta instituzionalarekin gaiak merezi duen indarra hartzen duelako.

Ikastetxearen erronkak, Legea eta hezkidetza 


  • Irakasle guztiok berdintasuna bermatzea helburu duten Legeen oinarrien berri izatea. 
  • Hezkuntzari Buruzko Lege Organikoak eta Heziberri 2020 dokumentua (bere hutsune guztiekin) berdintasunaz, estereotipo iraulketez,.. esaten duena aitorturik gelditzea. 
  • Eskolak, Legea eskuan harturik behar dituen ardurak hartzea. 
  • Zuzendaritza eta Eskolako Organu Gorenaren inplikazio zuzena. Beraiek Legeen oinarrien berri izatea, lege bakoitzak Parekidetasunaz adierazten duena jakitea, eta eskolak ez dituen tresna berriak sortzea. 
  • Eskola guztietan Hezkidetza-teknikari bat egotea, horien guztietan jantzia eta gero eta beharrezkoagoak diren esku hartzeak abian daudela bermatuko duen. 



“Berdintasunaren zuhaitza”
 Haur Hezkuntzarako eskuhartze proposamen oso interesgarria hurrengoa.


Hezkidetzan lan egin dutenak ikusgarri eginez: hezkidetzarako hainbat aipu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina