2015/11/29

“HEZKIDETZAREN LEGEDIARI BURUZKO HAUSNARKETA”


1. Gaiari buruzko laburpena eta balorazio pertsonala:

Azken  hogeita hamar urtean  hezkidetzaren aldeko eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna lortzeko testuak baditugu hainbat legetan jasota.
Egon, badaude, batzuk zehaztapen handiagoaz beste batzuk baino. Baina funtsean guztiek teorian hauxe defendatzen dute: Irakasten denaren hezkidetzazko izaera bermatu behar dela, ikasleei formazio integrala eskaintzeko.

Teorian diogu, zeren legeak guztiz beharrezkoak izan arren, praktikan legeek diotena ez baita betetzen ari. Ez legeak onartu dituzten erakundeen aldetik baliabideak jarriz, ez legeek diotena hezkuntzan  betetzen ari garen ebaluatuz.
Beraz, legeak beharrezkoak dira hasieran aipatutako helburua (hezkidetzazko izaera) betetzeko, baina ez da nahikoa.

Bizitzaren hainbat arlotan ez dugu sinesten legeek asko laguntzen dutenik, eta uste dugu lege asko kaltegarriak direla elkarbizitza hobearen alde ezer ekartzen ez dutelako.
Baina patriarkatuari aurre egiteko berdintasunaren aldeko legeak gure gutxienezko aliatuak dira, emakumeon zenbait eskubideren defentsan sortu behar izan diren tresnak, aldaketa kualitatiborik bermatzen ez dutenak, baina aldaketa kualitatiboetarantz urratsak emateko ezinbestekoak.

Legeak sortu eta gero, zailena geratzen da: pertsona guztiak konbentzitzea. Hezkuntzan, jarrera feminista duenak, legeak lagunduta, aurrera aterako ditu helburu txiki asko; jarrera feministarik ez duenak, legeak esan arren, ez du hezkidetzan sinistuko. Badakigu, azken jarrera hau ez dela oso ohikoa, baina pasibotasuna edo “ez ikusiarena egitea”-rena bai.


2. “Emakume eta gizonen arteko berdintasuna” eta “material hezkidetzailea” kontzeptuen definizioa

Guretzat Emakume eta gizonen arteko berdintasuna errealitate bat da, non sexugatiko botere harremanik ez dagoen. Eta horrek inplizituki esan nahi du, jendartean, askatasun harreman osasuntsuak sortuko liratekeela, identitate estereotiporik gabe. Errealitate hori heltzen denean, patriarkatua sistema estruktural bezala desertarazi dugula esan ahal izango dugu.

Material hezkidetzaileak hezkuntzan erabiltzen diren guztiak izan beharko lirateke. Hau da, genero estereotipoak apurtzen dituzten baliabide guztiak. Legeetan, zehazki, Emakumeenganako Genero Indarkeria Prebenitzeko Gida Planean, kontzeptu hau agertzen da, zehaztapenik gabe, eta, momentuz, sistematizazio barik.


3. Jardueren inguruko datuak eta ondorioak:

Aste honetako Beldur Barik jardunaldietako bideoan ideia interesgarriak eman dizkiguzue institutuan gauzatzeko. Jadanik bagabiltza bueltaka datorren ikasturtean hilerokoa bizitzeko moduak, rapa eta autodefentsa feminista lantzeko proiektuak.

Zorte apur bategaz, Gernika BHIko Hezkidetza-Rapa sortuko dugu ikasleekin, musika eta edukia ikuspegi hezkidetzailetik abiatuta, gure beste sinbolo bat izan daitekeena.

4. Hau guztia ikastetxean lantzeko erronkak:

Alde batetik, ikastetxeetan legearekiko atxekipena eman behar da. Momentu honetan hezkuntza lege nagusiak baditu beste hainbat atzerapauso eta aldaketa ez adostu, ez baitigu uzten hezkidetzari dagokionean, gure erkidegoan hartutako erabakiek eskaintzen dizkiguten tresnak eta baliabideak.

Beraz, legeak behar du zehaztapen gehiago, eta guk geuk legeak ezagutu behar ditugu eta inplikatzen gaituztela sentitu ere.

Aurretik aipatu dugun bezala, genero indarkeriaren aurkako lanean, Beldur Barik programa oso onuragarria izaten ari dela uste dugu. Eskainitako tailerren ideietatik, zenbait proiektu aurrera eramatea izango da gure hurrengo kurtsoko helburu bat, ziur.





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina