Gatazkak, egoera positibotzat hartua, irtenbidea bilatzearen protagonista, kudeaketaren subjektu aktiboa izateko posibilitatea ematen du. Honetarako ezinbestekoa da gatazkak konpontzeko abilezia, trebetasuna... garatzea eta gatazkei aurre egiteko pertsonaren baliabide positibo bihurtzea.
Gatazken trataera eraikitzaileak eta berdintasunean oinarritutakoak bakea eragingo du. Ideia honetatik bake positiboaren kontzeptua eratortzen da, hau da, Manuela Mesa Peinado-k “Bakea eta segurtasuna” artikuluan azaltzen duenez, “...Gatazka gizartearen osagaitzat hartzen da, eta pertsonek edo gizarte-taldeek kontrako helburuak bilatzen edo sumatzen dituztenean, aurkako balioak defendatzen dituztenean edota elkarrekiko urrun dauden interesak dituztenean sortzen da. Gatazka, berez, ez da ez positiboa ez negatiboa, garrantzia bateraezintasun horiek bideratzeko edo aldatzeko moduak dauka, modu suntsitzailean edo eraikitzailean egiten den ikusi behar. Historian, gizarte-aldaketaren bultzatzaile eta giza harremanetako funtsezko elementu sortzaile izan dira gatazkak. Gatazkei irtenbidea aurkitzeko modu eraikitzaileak sustatzera bideratutako prozesu bat baino ez da bakea.”
Honen aurrean, indarkeria agertzen da gatazkei aurre egiteko beste era bat bezala, ingurune gertuan ikasitakoa eta fisikoa, emozionala, egiturazkoa ala kulturala izan daitekeena..
Feminismoak ere, gatazken kudeaketarako ekarpenak egin ditu. Haien artean: pertsonak aintzakotzat hartzea, subjektu gisa ikustea, naturarekin eta gorputzarekin errespetu-harremana garatzea, indarkeria erabiltzearen kontra agertzea, feminitate eta maskulinitate anitzat aberasgarri baloratzea, emozioei garrantzia ematea, guztiok ondo tratatzearen inportantzia goraipatzea.
Ikastetxeen gatazkak konpontzeko bitartekotza praktikak daude, eta ikasgelatan prebentzio programa batzuek ere garatzen dira…”
Lehia-eskema gainditzea beharrezkoa iruditzen zait, hots, komunikazioa aktiboa, eraginkorra lortu behar da, irabazle-galtzaile agertu beharrean, bi pertsonek irabazten dutela sentitzea. Hau da beraz, ikastetxeetan dugun erronka handiena.
Bestaldetik, gatazken trataera hezkidetzailea izan dadin, derrigorrezkoa da:
- Kontzientzia hartzea: irakasleen prestakuntza, Bizikidetza Behatokiak genero-ikuspegia izatea, Bizikidetza Planaren helburuak ebaluatzeko genero adierazleak definitzea…
- Curriculumean, gatazkak tratatzeko garatu behar diren gaitasunak txertatzea, irabazle-galtzaile eredua ezabatzea, konponbide positiboak irakastea, ikasleen aniztasuna ahalduntzea, sentimenduei eta afektibitateari garrantzia ematea, bitartekaritza beharrezkoak diren abilezien artean ezartzea.
- Gatazkak tratatzeko banakako tutoretza.
- Neska eta mutilen partaidetza sustatzea haien behar, interes eta proposamenetatik abiatuz.
- Antolakuntza aztertzea, egokia ala ez egokia den, genero estereotipoetatik aldentzen diren arauak ezarriz, ikasleen parte-hartze aktiboa bultzatuz.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina