2016/03/05

Indarkeria eta maskulinitate hegemonikoak

Egia da orain arte indarkeria matxista gaia lantzerakoan fokoa emakumeengan jarri dela. Etxe barruko arazoa  izango balitz bezala eta ez politikoa.  Indarkeria  bikote barruan gertatzen denean askotan emakumeari leporatu zaizkio hainbat erru: bikotea gaizki aukeratu izana, harreman kaltegarri bat mantendu  izana, harremana eten  izan badu berriz bueltatu izana.. .Horrelako balorapenak egiten ditugu indarkeria matxistan murgildurik dauden emakumeak  askotan joan etorri asko dituen prozesu  batean sartuta daudela kontuan izan barik.



Ez gara ohartzen sexu genero sistemak edo eredu patriarkalak nolako eragina duen gure bizitzan.  Eta ez gara ohartzen ere sentimendu, eta emozioen inguruan  eredu horrek eraiki dituen uste eta mitoak hor dihardutela.Horien artean  bat aipatzekotan:  zein garrantzia eman dion  emakumearen bizitzan bikote egonkor bat izateari.
Baina zein da gizonezkoen papera guzti honetan? Non daude askatasunaren liderrak edo gizarte demokratikoaren aldekoak indarkeria matxista gertatzen denean? Beti  euren isiltasunak harritu eta arduratu nau. Zein erraztasun duten emakumea une garrantzitsua datorrenean bakarrik uzteko. Zenbat emakumeen inguruko hitzaldi, ekitaldi etab.. ireki izan dira gizonezkoen presentziarik gabe?
Aste honetako irakurgaiak bi bide proposatzen ditu indarkeriari aurre egiteko:
  1. Autodefentsa feminista.
  2. Maskulinitateak lantzea.

Bigarren horren inguruan arituko naiz behin baino gehiagotan gure mintegian interesa sustatu duelako.


Erronka horretan argi azaltzen du zein garrantzitsua den  zein maskulinitate eredutan sozializatzen diren neskak eta baita mutilak aztertzea,  ikasgeletan dituzten jarrerak ulertzeko. Eredu maskulino hegemonikoak jarrera sexistak indartzen ditu. Eta mutilei kalte egiten die euren bizitza akademikoan.(Eurydice azterketa). Ikerketek arazoa non dagoen azpimarratu dute baina informazio hau ez da ikastetxeetara orain arte  heldu. Hau da,  irakasleek ez dute ezagutu. Zer egin beharko genuke arlo honetan lan egin ahal izateko? Elkarbizitzaren inguruan  ikastetxeetan formakuntza asko eskaini dira  azkenengo urteetan. Genero ikuspegitik egin dira? Horrela ez balitz garrantzitsua izango litzateke  ekimen horietan genero ikuspegia behingoz txertatzea.



Hezkidetza  mintegian gaia agertu den aldiro,   irakasleek beti garrantzitsutzat jo dute gai honi buruzko hitzaldi bat ematerakoan hizlaria gizonezkoa izatea. Gai horretan gizonezko baten iritzia eta ahotsa entzutea. Gure zonaldeko ikastetxeetan   Gizonduz-ek emandako   hitzaldiak  ugaritzen ari dira   zerbait mugitzen ari den seinale. Hori ikusirik, argi dago, bide onetik galbitzala planak babesten gaituelako baina zer gertatuko da ikastetxeek planak eginak dituztenean? martxan jarri, ebaluatu eta hobetu egingo dira? edo ordenagailu bateko karpeta batean gordeta geldituko dira. Hor dago nere zalantza...
.  


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina