2016/03/03

Indarkeria matxistak gainditzen



1.       Indarkeria matxista.
Gipuzkoako Foru Aldundiak argitaratutako "Indarkeria matxistari, Gipuzkoako foru aldundian erabilitako terminologiari eta horren oinarria den azterketari buruzko agiria" dokumentuan indarkeria matxistaren definizioa egiten dute:
...Matxista kontzeptuaren polisemiak menderatze sistema maskulinoari nahiz sistema horren muturreko moldeei aipamen egien badie ere, kategoria hori erabiliko dugu adierazitako eskema hori aurre egiten dioten pertsona askotarikoek bazterketa, zokoratzea, arbuioa, patologizazioa, … – hau da, indarkeria matxistaren hainbat molde instituzionalizatu, fobien bidez adierazten direnak: trans gorputzei (transfobia) nahiz sexu - maitasunezko aukera lesbikoari (lesbofobia) eta homosexualei (homofobia) – pairatzen dituztela ziurtatzeko erabilitako mekanismo ugari eta askotarikoak adierazteko...

Iruditzen zaigu gai honen inguruan sentsibilizazioa igo dela azken urte hauetan, baina Maite Asensioren iritziz emakumeen aurkako indarkeriari buruzko kontzientzia handiagoa dago, baina bortizkeria horren izaera matxista ez dago hain barneratuta.

Egindako ikerketaren emaitzetan garbi ikusten da:
... Indarkeria kasu bati erantzuterakoan, ordea, galdetutakoen %7,8k adierazi dute ez luketela ezer egingo bortxaketa baten aurrean, ezta %11,9k auzoko bikote baten eztabaida beroak eta kolpeak entzutean ere...

Berdin gertatzen da egindako esperimentu honetan: 



Jendeari asko kostatzen zaio zerbait egitea indarkeriaren aurrean.
Gehienetan arreta jarri da emakumeengan, baina mugimendu feministek arreta gizonengan jarri behar dela adierazten digute. Arazo hau konpontzeko gizonezkoen inplikazioa behar dela garbi dago.

Zorionez gero eta gizon gehiago dago inplikatua indarkeria matxistaren kontrako mugimenduan:
“Garrantzitsua da gizonek beren arduraren, inplikazioaren eta konpromisoaren bidez laneko sexu-jazarpena desagerrarazten aktiboki parte hartzea bultzatzea.” (Mikel Otxotorena Fernández)

Indarkeria matxistaren kontrako lana egin ahal izateko kontuan izan behar ditugu hiru lan ildo:

1.1.    Maitasuna.
Indarkeria matxistaren oinarrian sexismoa eta misoginia daude. Horiek transmititu eta errotzeko sistema patriarkalak erabili eta erabiltzen duen erreminta bat maitasun erromantikoa da.

…Maitasun pentsamendua gizakia ikusteko modu bat da, baina, horretaz gain, ordena ekonomiko, politiko eta sozial oso bat da, gizartea antolatzeko modu bat: familia eta elkarbizitza, gizon eta emakumeen arteko harremanak, heldu eta umeen arteko harremanak, hezkuntza, sozializazioa, lana …” Emakumeen identitatearen erdigunetik maitasuna kendu behar da “gauza inportanteenetako bat izango da, baina ez bakarra, ez nagusia… (Mari Luz Esteban).


Ainara Santamariak egiten duen azterketa interesgarria da:
Aztertu behar dugu maitasunaren eredu a eta agerian utzi behar ditugu maitasun erromantikoak eragiten diguna: bikote eta familia ereduak ordenatzen ditu, menpekotasuna agintzen du eta botere harreman eta indarkeria justifikatzen ditu.


 


1.2.    Mikromatxismoak.
Mikromatxismoak gizonek egunerokotasunean erabiltzen dituzten indarkeria eta menderatze praktikak dira:
·         Zuzenak: mehatxuak, kolpeak, kontrola...
·         Estaliak (ezkutatuak edo ez-zuzenak: engainuak, isiluneak...)
·         Krisizkoak (kritikari ihes egin, negoziaketa saihestu...).
Hauek guztiak bikotekideengan ez ezik, beste harreman anitzetan berdin gerta daitezke: lagunen artean, familian, lan-esparruan, 



Mikromatxismoak, bestaldetik, era guztietakoak dira eta espazio guztietan gertatzen dira: kalean, kultur ekoizpenean, aisialdi guneetan, politika esparruan, hedabideetan, familietan zein hezkuntza eremuetan. 




 
1.3.    LGTBIQ + fobiak.
Homosexualenganako, gay eta lesbianenganako, bisexual, intersexual, queer edo saikapen honen barnean sentitzen ez diren heteronormatiboak ez direnenganako, ezinkusia, arbuioa, gorrotoa edo beldurra izateari deitzen zaio, eta sentimendu hori patologikoa izan daiteke. 



 Eta jarrera horrek, beldurra eta lotsa sentiarazi nahi die pertsona gay, lesbiana, transexual edo bisexualei, edota gaixorik daudela sentiarazi nahi die, edo normalak ez direla pentsarazi nahi die.




Hezkuntza-sistemak espazio seguruak eskaini behar dizkie ikasle guztiei, baita langile eta familiei. Horregatik hau izan behar da Hezkidetzaren beste helburu bat.

2.       Maskulinitate berriak.
Gizontasun hegemonikoa elkarrekiko erlazio sozialean eraiki da, eta gizarte, politika eta kultura botereak artikulatu behar ditu eusteko eta errepikatzeko.
Eredu honen aurrean, gizontasun hegemonikoa ez da dagoen gizontasun eredu bakarra, eta ez da berdina gizarte guztietan, baina une eta toki jakin batean posizio hegemonikoa lortu duena da. Alda daiteke, eta gizon izateko beste modu batzuekin batera bizi da. 



Gizon batzuk emozioak adierazteko, umeak zaintzeko edota sexualitate desberdina esploratzeko prest daude baina ez estatusa, ospea, boterea … uzteko prest.

Maskulinitate berrien eraikitze-prozesu konplexu horretan erreferente baliotsuak dira emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde dauden gizon taldeetako kideak. Eskolan beren lana eta esperientzien berri eman behar dugu. Hezkidetzak mutilek bere izateko era aukeratzeko bidean benetako askatasunetik egitea sustatu behar du. Horretarako bere esku jarriko ditu estereotipo maskulinoak mugatu egin dizkien hainbat garapen eremu eta konpetentzia:

  •  Emozioen arloa.
  • Zaintzaren esparrua.
  • Indarkeria matxistak.

Eta alderdi hauek presente egon beharko dute gure geletan mutilak eta gizonak ikusi behar dute bide honetan ere irabazle ateratzen direla.


3.       Autodefentsa feminista.
Emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektiboa lortzeko estrategia feminista da. Autodefentsa ez da fisiko soila,  zerbait gehiago izango da: jarrerak, emozioak eta autoestimua.
Era berean, autodefentsa feministak beldurrari beldurra nola galdu, gorputzaz nola jabetu, botere pertsonalaz eta emakumeen arteko aliantzen botereaz jabetzeko bideak jorratzen ditu, baita erasoak, sotilenak ere, identifikatu eta bakarka zein kolektiboki aurre egiteko moduak ere

4.       Erronkak.
Hemen aipatutako alderdi guztiak erronkak dira gurtzat eta hezkuntza sistemarako.

Baina aipamen berezia egingo diot bati:
Maitasun erromantikoaren mitoa.
Gure jendartean maitasun erromantikoa goraipatzen da, eta horrek maitasunarekiko itxaropen edo aukera batzuk eragiten ditu. Itxaropen horiek ondorio kaltegarriak izan ditzakete: frustrazioa, bakardadea, hautsitako bihotzaren gaitza eta muturreko kasuetan, suizidioa ere bai. (Nerea Sancho).

Maitasuna modu osasuntsuagoan bizi dezakegu honakoa kontuan hartzen badugu:

  • Maitasuna ez da bat-batean sortzen. Bat-bateko maitemina erakarpena da, ez maitasuna. Patua deitzen dugun hori guk egindako aukera besterik ez da, tentazioak edo gogoak bultzatuta harreman bat hasteko dugun jarrera edo borondatea.
  • Pertsonen arteko afinitatea eta predestinazioa ez dira gauza bera.
  • Harremanak aurrera egiteko oztopo asko izateak ez du maitasun sentimendua benetakoa denik frogatzen. Zailtasunak edo elkarrekiko desberdintasunak gainditzeko modukoak diren edo ez ikusi beharko dugu (distantzia geografikoa, jada ezkondua egotea).
  • Pertsona perfektuaren bila aritzeak bakardadera eraman gaitzake. Harreman onak sortu eta horiek mantentzeak on egingo digu, maitasuna harremanean gaudenekin eraikitzen baitugu.
  •  Bizitzan ez dago, halabeharrez, maitasun bakar bat. Maitasun harreman guztiak dira autentikoak, bukatzen direnak ere bai.
  • Maitatzen dugun horren maitasuna galtzeak ez gaitu baliorik gabeko pertsona bihurtzen.
  • Jeloskortasun sentimenduak eta horrek eragindako jokabideek ez digute maitasunaren neurria adierazten. Segurtasun gabezia, konfiantza falta edo berekoikeriaren ondorio izan daitezke, besterik gabe.
  • Norbait maitatzea, batzuetan, hartutako erabakia ere bada.
 
Hauek guztiak kontuan izatekoak dira gure ikastetxe, lankide eta ikasleekin lan egiterakoan eta egunerokotasunean. Baina batez ere ikasleekin eta ikasleen aurrean gai hauek atera eta aztertu egin behar ditugu irizpide kritiko izanik.







iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina