2016/02/07

IDENTITATEEI BURUZ HAUSNARTZEN


Zer da identitate garapena?

Lehenik eta behin argi izan behar dugu prozesu konplexua dela hainbat alderdi mahai gainean jartzen direlako (biologikoak, sozialak, kulturalak, psikologikoak, politikoak). Hainbeste alderdi izanda argi dago guztiok ezin dugula identitate "bakarra" garatu. Identitate anitzak garatuko ditugu eta gure bizitzan zehar aldaketak izango ditu.

Arazoa da batzuk alderdi batzuk baino ez dituztela kontuan hartzen, identitatearen garapenaren ikuspegia mugatuz. Horrela suertatzen zaigu genero-bitarrararen sistema, non garatu ahal ditugun identitateak neskeena edo mutilena izatera mugatzen diren. Ikuspegi hau guztiz lotuta dago biologiko planteamenduekin, baina zer gertatzen da orduan "intersexualak" jaiotzen diren umeekin? Ze identitate garatuko dute?

Beraz, sexu-genero bitarraren teoria gainditu beharko genuke eta horretarako mapa berriak eskaini beharko genituzke. Adibide bat Steilaseko Genero eta aniztasun sexualerako gidaliburutik ateratakoa.



Sistema bitarra eta heteropatriarkala, esan behar dugu sexu diskriminazioa bultzatu eta identitate garapenak mugatu egiten dituela. Izan ere, sistema horiek hainbat teoria (Freud) legitimatu egin dituzte, non sexu-generoa beti oinarria izan da identitateen garapenean, dana biologikoki justifikatuz. Plantemandu horrek sekulako eragina izan du haurren hazkundean, alde batetik haiengan  ditugun iguripenak genero sistemara baldintzatzen direlako, baita arautik kanpo geratzen diren identitateak "patologiatzat" hartzen direlako.

Nire ustez, gai honen inguruan, mugimendu eta ikasketa feministek eman dituzten pausuak aipagarriak dira. Identitatearen inguruan dimentsioa zabaltzen dute eta "aniztasuna" aipatzen da. Identitate izaera aldakorra, anitza, ugaria, erlatiboa eta aldibereko mahaian jarri dute. Identitatea, beraz, prozesu irekitzat ulertzen dute, etengabe eraikitzen dena, hain zuzen.

https://tagul.com/985qy9fh5zoo/cloud-2


Zer egin orduan?
 Aipatu dugun moduan lehenengo eta behin mahai gainean gaia jarri behar dugu, hots, identitatea prozesu konplexua eta amaitezina dena, aldakorra eta anitza.

Beste aldetik feminismoaren ekarpenak bistarazi. Teoria horiek aldarrikatzen dute "Generoa" egiten duguna dela , "egoteko" modu bat dela eta ez "izateko" modua. Beraz ez da kulturalki jasotzen ditugun eredu aldaezinak, baizik eta guk modaltuko eta egingo ditugunak.

Modu honetan gizakiak "objektuak" izan beharrean "subjektuak" bihurtuko gara. Eta subjektuak garen heinean gizarte aldatzen eta eredu berriak garatzen joango gara.


Heziberri 2020

Heziberrin "Eskola inklusiboa eta aniztasunaren trataeran" hurrengo aipamena azaltzen da:

• Sexu‐joeren aniztasuna. Nork bere sexualitatea sentitzeari dagokionez, norberak nahi bezalako sexu‐harremanak izateari dagokionez, pertsonok orientabide desberdinak ditugu, jakina. Historikoki, baina, mota horretako aniztasunari bizkarra emanda bizi izan gara, eta, horren ondorioz, zenbait ikaslek aparte sentitu dute beren burua.

Gai honen harira aipatu behar dut, nork berak eskubidea izan behar duela bere identitate eta orientazio sexuala askatasunez eta segurtasunez adierazteko. Momentu honetan eskolek ez dute bermatzen honelako adierazpenak segurtasunez emango diren. Hori dela eta gure praktikak eta diskurtsoak aldatzen joan behar ditugu.

Izan ere, aniztasunaren gaia modu konzienteki landuz gero, seguraski ikasle askok haien lehenengo pausua ematera animatuko lirateke. Modu horretan eskola eta batez ere tutorearen "figura" ezinbestekoak bihurtu ahal dira ikasle horien identitate garapen prozesuan.

Horretarako irakasleei haien diskurtsoaren eta praktikaren inguruko autohausnarketa eta autobehaketa egitea gomendatuko nieke. Esate baterako:

- Nire komunikazioetan (hitzezkoa eta gorputz adierazpena) erabiltzen dudan hizkuntza/adierazpena sexista al da edo hezkidetzailea?
- Nire gelan espazio seguruak bermatzen ditut nork bere burua nahi duen moduan askatasunez azaltzeko? Nola jokatzen dut sexu eta generoarekin lotutako erasoen aurrean?
- Erabiltzen ditudan materialak eta baliabideak identitate-anitzak islatzen dituzte?
- Erabiltzen ditudan estrategiak eta ohiturak anitzak dira? Ikasleei eskaintzen diet nork bere ibilbideaz hausnartzeko, jabetzeko eta hautatzeko baliabideak?
- Sexu-identitateen inguruan ditugun sinesmen faltsuak identifikatzeko ekintzak antolatzen ditugu?
- ...


Inguru hurbilean

Nire lan inguruan aipatu behar dut, behintzat, mintegia martxan jarri denetik Identitate anitzen gaia mahai gainean jartzen ari dela. Izan ere orain arte ikastetxeetan gaia landu duten aipatu egin dugunean askotan baietz esan dute, noski. Hala ere esku-hartze horiek ez dira modu planifikatuan edo konzienteki antolaturik egon; normalean gaia suertatzen bada lantzen da (ikasle baten galdera edo iruzkinen harira, komunikabidetan ikusi dutelako, etabar.).

Beraz, bidea oraindik luzea da. Horrez gain autoestima eta gorputz anitzak, nik uste dut, HH eta DBHko ikasleekin lantzen diren gaiak izaten direla, baina zer gertatzen da LHn? Gorputza, sentimenduak, gure buruarengan dugun pertzepzioa non geratzen dira? Gai hauek lantzea ezinbestekoa da gure identitate garatzen joateko.

Nire inguru pertsonalean pausu txikiak ematen saiatu naiz. Badakit eremu txikia dela, baina nire seme-alaben lagunen gurasoei, mezuak eta eredu berriak, sare sozialen bidez,  zabaltzen aritzen naiz. Egia da guztiek ez diotela garrantzi berdina ematen gaiari, baina esan behar dut askotan horren inguruko eztabaida eta hausnarketa sortzen direla, eta nik uste dut horrekin pausu txikiak ematen ditugula. Foroan partekatzen diren hainbat material horretarako erabiltzen ditut, beraz, mila esker guztiei konpartitzen duzuenagatik.  Adibidez ¿Por qué? bideoa eta hurrengo argazkia nahiko oihartzuna izan dute nire inguruan.




iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina